[vc_row][vc_column 0=””][vc_column_text]Aspaldian idatzi gabe eta gaurkoan duela hilabete pare bat bukatu nuen proiektu bat aurkeztera natorkizue. “Alokairurako Prest” izena jarri nion, bezeroak hori nahi baitzuen: etxea ahal zen lehenen alokairuko prest egon zedila.
Nirekin kontaktuan jarri zen bezeroaren familiako kide batena da etxea. Etxearen jabea emakume heldua da eta beste leku batetara joan da bizitzera, hilobak hartu duelarik etxe honen kargu. Aldez aurretik beste familiako kide baten etxea hustu zuenez, ondo zekien zein zen lana eta argi zeukan ez zuela berriz bakarrik egin nahi lan guztia. Tailer batean ni ezagutu eta lan honetarako Antolatzaile bat ondoan edukitzea aukera paregabea zela konturatu zen.
Lehenengo inpresioa
Etxe hartara iritsi nintzenean gauza asko zeudela ikusi nuen, oso nabarmena zen. Etxe txikia eta gauzez gainezka.. Hau da, lan piloa. Bezeroak ez zuen batere argi zer aurkitu genezakeen bertan, baina garrantzitsua iruditzen zitzaion etxean zeuden gauza guztien inbentario modukoa egitea ezer baino lehen, gerora aukeraketa on bat egin ahal izateko. Inbentario honen garrantzi zela eta, nahitaezkoa zen etxearen berrantolaketa bat egitea eta behin guztia txukun zegoela, bezeroarekin bazterketa prozesu sakon bat egitea.
Aurreneko egunak – Antolaketa prozesua
Edozein antolaketa egiteko nahitaezkoa da guztia familia edo kategoriaka banatzea, eta bakoitzari espazio konkretu bat ematea. Kasu honetan berrantolaketa honek geroago egingo genuen bazterketa prozesuan lagunduko zigun. Beraz, etxetik aurkitzen nuen guztia taldeka bildu eta modu koherentean bakoitzari bere txokoa edo eremua eman nion.
Lehenengo 2-3 egunetan etxea berrantolatu nuen, zakarretara bota beharreko poltsa kopuru oso handia izan zelarik (30 poltsa inguru). Bezeroak aldez aurretik baimena eman zidan zakarretara joango zirenak inolako dudarik gabe zuzenean botatzeko (hezetasunarekin dagoeneko zartatuak zeudenak, birziklatu beharrekoak…)
Bazterketa prozesua
Etxea antolatua ikusteak bezeroari izugarrizko lasaitasuna eman eta espero ez zuen gauza bat baino gehiago aurkitzeak poz handia sortu zion. Antolaketa prozesu sakon batek, aspaldian aurkitzen ez zenituenak aurkitzea suposatzen du eta hori beti da ona.
Bazterketa prozesuaren txanda ondoren, modu honetara egokitu nuelarik, ahal zen eramangarriena izan zedin:
- Etxearen jabeak bere egunerorako beharrezko zituenak: arropa eta osagarri ezberdinak
- Etxearen jabeak maite eta apreziatzen zituen objetu eta oroigarri ezberdinak
- Familiako kideei erabilgarriak izango zitzaizkien gauzak
- Etxearen jabearen zaintzaile eta honen familiarentzako erabilgarriak zirenak
Banaketa horren ondoren, geratzen zen gauza kopuru handi horrekin zer egin erabaki behar zen. Bezeroari aukera ezberdinak eman nizkion eta aukeraketa honela geratu zen:
- Etxeko jabeak erabiliko ez zituen zenbait arropa Tolosako bigarren eskuko ZUZEU dendara eraman ziren. Arropa hauen berezitasuna: eskuz eginikoak zirela edota normalki aurkitzen ez direnak zirela. Bezeroak ez zuen denda hau ezagutzen eta aukera paregabea iruditu zitzaion arropa horiei etekina lortzeko.
- Beste arropa kopuru handia Emaús Fundación Social-era joan zen donazio moduan.
- Altzari gehienak pipiarekin egonda, Garbigunera eraman ziren, baina haietako bat nahiko ondo zegoela eta Pasai Antxoko TRASTOS DE LA GANBARAk hartu zuen donazio moduan.
Egia esan, ez nintzen kontatzen jarri, baina 40-50 bat arropa poltsa inguru atera ziren eta bertako asko berrerabilpenera joan zela ikusteak edonor pozten du.
Aurkitutako altxorrak
Altxorrak edota gauza politak. Azken finean, pertsona baten bizitzan egon diren une ezberdinen isla diren gauzak. Pentsatuko duzuen modura, momentu askotan oso hunkigarria.. Bidaietako oroitzapenak eta txanponak, garai ezberdinetako osagarri eta jantziak.. Bizitza oso bat aurkitzen da antolaketa lan batean eta gauza bakoitzak du bere historia.
Eraldaketa garaia: Homestaging
Egunetik egunera gure inguruan oso ezaguna egiten ari den teknika da, non espazio bati ahal den etekin handiena ateratzea den bere funtzioa.
Etxea behin hustuta, arotz eta margolarien txanda etorri zen. Etxea txikia eta nahiko iluna denez, kolore argiak erabiltzea erabaki zen pareta eta sapaietan, zabaldura eta argitasun sentsazioa aregotzeko. Lurrean, aspaldian zegoen moketa iluna kendu eta laminatu argi bat aukeratu zen.
Behin hauek bukatu zutela, altzarien aukeraketa eta hauek espazioan nola egokitu pentsatu behar zen. Egia esan, bezeroak oso gustu ona du eta ideia politak zituen aldez aurretik. Gauzak horrela, nahiko erreza izan zen aukeratze eta antolaketa prozesua.
Altzarien aukeraketari dagokionez, alokairuko etxea izango dela kontutan izanik, “low-cost” dendetara jo nuen beharrezkoak zirenak erosteko orduan. Halere esan, lehendik etxean zeuden altzari eta osagarriak aprobetxatzen saiatu naizela ahal zen neurrian.
Emaitza
Hasieratik lortu nahi zena lortu da, hau da, ahal zen bizkorren etxea alokatzea. Proiektua Apirilaren 9an bukatu zen eta Apirilaren 10ean sartu ziren etxetiar berriak bizitzera. Beraz, guztiak pozik.
Proiektuaren argazkiak hementxe dituzue.
Ondo izan,
Maitane[/vc_column_text][/vc_column][/vc_row]