Aurreko blog-eko sarreran, ondo antolatua dagoen armairu batek eskeintzen dizkigun onuretaz hitzegiten nizuen. Eta dagoeneko, bertan galdetzen nizkizuen galderen erantzunak dituzuenez eta ze motako armairu eta ateak jarriko dituzuen (agian aterik ez duzue nahi..) erabaki duzuenez, gaurkoan zuen BEHARREI buruz arituko natzaizue: ze motatako moduloak aukeratu, tiraderak edo apalak nahiago dituzuen, barra ala galtzak gordetzeko osagarri berezia.. Ez da gauza zaila, baina buruari astindu txiki bat eman behar zaio. Orain, pentsaketa lanetan igarotako denborak pena merezi izango dizuela eta prozesu honen amaieran armairu antolatu eta ordenatu bat izango duzuela segurtatzen dizuet.
Lehenik eta behin, BAZTERKETA lanarekin hasiko gara, hau da, zer arropa daukagun baloratu eta armairu berrian gurekin mantendu nahi ez duguna baztertzen (hau baino momentu hobeagorik ez baita..) eta bien bitartean, birziklatu, oparitu edo saldu behar dugun pentsatzen. Honen ondoren, guztia berriz ere armairu barrura gordetzea animatzen zaituztet, baina oraingoan, FAMILIA edo KATEGORIAK errespetatuz (hortxe dihoa nola egin argitzen dizuen lotura)
“Berriz ere armairura gauza guztiak?! Zertarako atera ditugu guztiak orduan?!” galdetuko du batek baino gehiagok eta arrazoi osoarekin gainera. ESPAZIO BEHARRAK zeintzu diren jakiteko dagoen modurik xinple eta praktikoena delako da erantzuna (sentitzen dut)
- Familia edo kategoria bakoitzak behar duen zabalera zehatza
- Arropa mota ezberdinak beharrezkoa duten luzeera
- Zenbat galtza dauzkazun, eta hauetariko zenbat joango diren zintzilikatuta eta zenbat tolesturik (gehienetan arropa dotorea zintzilik jarri ohi dugu eta hain dotorea ez dena tolesturik, baina hau ere pertsonaren araberako erabakia izan ohi da)
- Soineko, jertse eta jaka luzeek beharrezko espazio duten, behekaldeko apal edo azpikaldearen kontra jo ez dezaten
- Ze arropa joan diren tiraderatan eta zeintzu apaletan
- Eta pertsona bakoitzaren arabera aldatu daitezkeen beharren araberako hainbat galdera gehiago
Guztiz ondo egin nahi dugunez, familia edo kategoriaka egiteaz gain, honako hauek jarraitzea aholkatzen dizuet:
- Goiko zati edo jantziak goikaldean jarriko ditugu eta behekaldeko jantziak, armairuan beheko aldean. Jazten garen moduan egokituko ditugu arropak armairuan.
- Jantzirik luzeenak ezkerraldean jarriko ditugu eta familiaka egokitzeaz ahaztu gabe, luzeenetik laburrenera jartzen joango gera, goranzko lerroa sortuko dugularik (ezkerretik eskuinera)
- Tiradera eta apaletan honakoak joango dira: jertse, kamixeta eta kirol-jertseak. Nik nahiago dut hauek apaletan jarri eta etxeko arropa, pijama eta bestelakoak tiraderatan sartzea, baina bakoitzaren nahien araberako erabakia da beste behin. Tiraderatan sartzea aukeratuz gero, gogora ezazue tolestura bertikala dela aukerarik hoberena daukazuen guztia begi-bistan gera dadin (jertseak aukeran beti tolesturik, zintzilikatuz gero forma galtzeko aukera handia baitago) Behekaldeko argazkian tolesdura bertikalaren adibidea.
(Bezero baten armairuaren argazkia da. Jertseak tiraderan tolesdura bertikalean eta horizontalki, denak bista eta eskura egon daitezen. Barraren aldaketa beharra begi-bistan dago, pisuarekin emanda baitago)
Ederki, arropa guztia armairu barrura bueltan gorde dugunez, dagoeneko nola antolatu jakin dezakegu (hau pertsona bakoitzak irudikatzeko duen ahalmenera lotua dagoela onartu beharra dut..) Behatu eta aztertu ezazu berriz ere zure armairua aurretik eman dizuedan espazio beharren zerrenda erabiliz eta buruan duzun hori marraztea gomendatzen dizuet (ez du izugarrizko marrazkia izan behar, baina bai gutxienez buruan duzun hori islatzen duena)
(Honako hau Pinterest-eko imagina da. Bertan, bikote baten beharrei erantzuten dien antolaketa duen armairua dugu marraztua. Modulo nagusiek simetria mantentzen badute ere, ezberdintasun bat dago bi aldeen artean: eskuineko aldeak jaka eta soineko luzeak gordetzen dituenez, tiradera bat gutxiago jarri behar izan dute. Goiko espazioetan: bidaiarako maletak eta gauza ezberdinak gordetzen dituzten kaxak, bakoitzak bere etiketa duelarik)
(Bricca blog-eko marrazki hau ere gehitzen dizuet. Jantzi ezberdinen luzeera eta zabalerak erakusten dizkizue eta oso erabilagarria izan daitekeela iruditzen zait)
Eta bukatzeko, prozesu hau ez jarraitzeak sor ditzaken ondorioak agertzen dizkiguten pare bat argazki uzten dizkizuet. Bezero batzuen armairua da, neurrira egindako armairu zoragarria. Kanpotik ezin hobe badago ere, barrukaldeko antolaketak ez zuen hainbeste garrantzi izan eta horrek zenbait arazo suposatu dizkie.
Goiko argazkian argi ikus daiteke, emakumezkoaren tamainara egokitutako armairua dela. Gizonekoaren alkandorak azpiko apala jotzen duten bitartean, honek dakartzan zimurrak ahaztu gabe, emakumearenak tamainan daude. Detailetxo hau kontutan izan balute, orain ez lukete arazorik izango.
Bigarren argazki honetan, galtzak zintzilikatzeko aukeratutako osagarria ez dela batere praktikoa erakusten digu. Bezeroaren hitzetan, “Beti aurrekaldean geratzen direnak janzten ditut” eta ez naiz harritzen, atzekoetara iristea ez baita erraza eta bertatik ateratzea, oraindik eta zailagoa. Galtzentzako bereziki diseinatutako osagarria lortzen saiatuko naiz (neurrira egindako armairuek arazo hori dute) eta praktikoa den bat aurkitu ezean, betiko barra sendoa jarriko dut, galtza bakoitza pertxa batean joango delarik.
Gaurkoan emandako aholkuak erabilgarri izango zaizkizuela espero dut. Hala ere jakin, laguntza behar izanez gero, zuei laguntzeko prest izango nauzuela beti.
Betiko moduan, plazer bat zuentzat idaztea
Maitane