Marie Kondo eta Ni Zergaitik bere Jarraitzaile

2019a NETFLIX-ek Marie Kondorekin hasi du urtea. Nik Marie Kondorekin hasi dut urtea. Prentsa zoratu da Marie Kondorekin eta berarekin hasi dute urtea. Zer du ba Marie Kondok?!

Nik KonMari metodoa Marie Kondoren liburuak irakurrita ezagutu nuen duela pare bat urte, antolatzaile munduan sartu eta jende guztiak irakurri zuela ikusi nuenean. Guzti honetaz gehiegi entzun ez duenarentzat: Marie Kondo ordenaren guru bilakatu da mundu mailan eta berak sortu duen metodoari KonMari izena jarri dio, metodo honen bitartez jendeak ordenean bizitzen ikasten duelarik (hori dio behintzat). Esan beharra dut, ezaguna egin zitzaidala hasieratik bere historia.

Nik ere, Marie Kondoren antzera, txikitatik eduki dut ordenaren behar edo interes hori oso barneratua, gurasoak horrelakoak dira eta beraiengandik ikasi dudan balio garrantzitsuetako bat da. Nik ere txukunketarena momentu batzuetan haratago eraman dut. Oso haratago zenbaitzutan eta garai haietatik ere ikasketa handiak gogoratzen ditut (baita nire intolerantzia puntutxoa zenbait kasutan) Adinarekin, nire semeen jaiotzarekin bat eta bereziki nire bikotearen laguntzaz, nire txukunketa arrankea kontrolatzen ikasi dut.

Aurrekoan irratian izan nintzen KONMARI metodoaz hitzegiten eta metodoaren onurez galdetu zidatenean motz geratu nintzen (onartu beharra dut).  Gaurkoan eta irratiko hutsune hori konpontzeko intentzioz eta metodoak duen balioa azpimarratze aldera, METODOAREN ALDE POSITIBOETAZ hitzegin nahi dizuet, hurrengo batean negatiboetaz edota ez hain positiboetaz hitzegingo dugularik.

 

ULERTERRAZA ETA OSO ZENTZUZKOA

Esan beharra dago ULERTERRAZA dela eta OSO ZENTZUZKOA, eta minimalismoaren arauak edo markoa jarraituz osaturiko metodo edo estrategia izanik, lortuko duguna oso ONURAGARRIA izan daitekeela edonorentzat: kontsumoarekiko dugun erlazioa hausnartu, gure bizitzan momentu bakoitzean garrantzitsua zer den pentsatu, gauza gutxiagorekin bizitzen ikasi, etxeari duen balioa berriz ere eman, lasaitasuna eta orekaren garrantzia, etab luzea.

ERABAKITZE PROZESUEN LANKETA

Goazen hala ere zehatzagoetara. Niretzako metodoaren garrantzizkoena ERABAKITZE PROZESUEN lanketan dago. Hau da, hasieratik “behartzen” zaitu erabakitze lanketa bat egitera. Eta zergatik da ba hau hain garrantzitsua? Ezagutzen al duzue maiz erabiltzen den esaldi hau?: “Zer hartzen duzu pozik bizitzeko? Erabakiak”

Oso xinplea badirudi ere, erabakiak hartzea asko kostatzen zaigu orokorrean. Metodo honek nolabaiteko soinketa mentala egitera eramaten zaitu eta erabakitze prozesuak mekanikoki burutzera. Modu horretara, azken fasera iristen zarenerako (objetu sentimentalak, atxikimendu gehien sortzen dutenak) baduzu estrategia pertsonala ia edozein egoerari aurre egiteko. Prozesuaren bukaeran, erabakitzea eta zure bizitzako egoera ezberdinak hausnartzeko tendentzia barneratu duzu. Beste hitzetan esanda, bizitzan zer nahi duzun hausnartzera gonbidatzen zaituen metodoa da.

KonMari metodoa pertsona askok bakarka egiten dute beraien etxeetan, batzuei nahiko erraza egiten zaielarik eta beste batzuei ia ia ezinezkoa (erabakitze prozesuetan dugun mailaren arabera seguruenik besteak beste). Nik antolatzaile profesional bezala, pertsonei egoera honi aurre egiten laguntzen diet, ia ia ezinezkoa egiten zaien horiei, eta oso neketsua izan ohi den egoera dela segurtatu dezaket, fisiko eta psikologikoki: antsietatea, negarra, larritasuna, buru eta bizkarreko mina.. Baina esfortzu guztiek pena merezi dutelako, bidaiaren amaierarako guztia arindu egiten da eta beraien buruarengan duten konfidantza handitu egiten da, oso ondo sentitzen direlarik. Eta noski, berriz ere egoera berdinera bueltatu nahi ez dutenez (berdinetik pasa alegia), ikasketa barneratu eta eguneroan erabiltzen hasten dira.

Eta zergaitik hasten da ARROPArekin? Beti ere zure arroparekiko atxikimendua gehiegizkoa ez bada. Hau da, diseinatzailea bazara, zure diseinuekiko edukiko duzun lotura handiegia izango da bertatik hasteko, baina gehiengoak ez dugu arroparekiko horrelako atxikimendua. Hortxe arrazoietako bat, atxikimendu eza. Bestetik, eta hau nire ikuspegia da, bakoitzaren armairua momentu horretan duzun egoera emozionalaren isla denez eta egunero bertara joan behar duzunez (jazteko modu ohikoena baita), orduan eta isla positiboagoa, orduan eta hobe sentituko zera. Nolabait ere, armairu txukuna, egoera mental txukuna (edo txukunagora bideratzeko aukera). Beraz, bi gauza lortuko genituzke arropatik hasita: pertsona hobe sentiaraztea eta erabakitze prozesu lanketa arintzea. Eta bai, funtzionatzen du, saiakera egitea besterik ez da.

KATEGORIAKA ORDENATZEA

Metodo honek erakutsi zidan gauzetako bat, ikuspegi berri bat, Marie Kondo bera iritsi zen konklusioa izan zen: ESPAZIOKA ordenatu beharrean KATEGORIAKA ordenatzea. Guk logela bat txukundu nahi badugu, ohikoena izaten da bertan dauden gauzak ordenatzea, momentu horretan bertan ez dauden baina egon beharko luketen gauzak kontutan eduki gabe. Adibidea: nire armairua txukuntzen jartzen naiz eta ez dut kontutan hartzen nire arroparen %25a garbitzeko dagoela eta beste % bat plantxan edota bestelako baten zain. Horrela ezin ondo erabaki eta ondorioz ezin egin sakoneko ordena, edota luzera ondo egokituko zaidan antolaketa sistema. Tontakeria bat badirudi ere, ordena oso gustoko ez dutenentzat oso eraginkorra den irizpidea da eta ordenatuentzat ere oso erabilgarria. Nik irakurri nuenean, ez nuen ulertzen nola ez nintzen iritxi lehenago konklusio horretara. Hain da zentzuzkoa!

BAZTERKETAREN GARRANTZIA

Oso gustoko dudan beste puntua eta minimalismoarekin lotura handia duena BAZTERKETAren garrantzia da. Edota beste hitzetan esanda, gure espazioetan dugun guzti hori nahitaezkoa den hausnartzea. Hau da “GUTXIAGO GEHIAGO DA” lema.

“Gutxiago gehiago da”

Marie Kondok zoriontsu egiten zaituena eduki behar duzula dio. Nik horri beti gehituko diot, zoriontsu eta zure egunerorako beharrezkoa duzuna. Baina bai, zoriontasunarena “erosten” diot, benetan zure inguruan eduki nahi duzuna aztertzeko den bitartean. Eta nola jakin zerk egiten zaituen zoriontsu? Zoriontasun sentimenduarena oso abstraktua irudituz gero, hona aholkutxoa: oso oso gustoko duzun zerbaitetan pentsatu ea zer sentitzen duzun eta ondoren behatu zure inguruan duzun guztiak sentimendu berdina sortzen dizun. Badakit askorentzat zoro xamarra dela, horregatik beste hainbat estrategia erabiltzen ditut nik bezeroekin. Baina estrategia guztiak “zoriontasun bilaketa” horretara doazela esan beharra dut.

Aurrera jarraitu aurretik, BEHARREZKOAK diren horietaz hitzegin nahiko nuke labur. Beharrezkoa oso subjetiboa baita eta bidean galtzeko aukera handia baitago irizpide argirik ez badugu. Oso ohikoa da “badezpada” hitza azaltzea bezeroekin ditudan hizketaldietan eta nik beti galdera berdina egiten diet: Badaezpada ere zer? Argudioak eskatu eta eskeintzen dizkiet. Bai, pisutsua izan naiteke, baina ondoren asko eskertzen didatenez, estrategia bedinarekin jarraitzeko intentzioa dut. Beraz, galdetu diezaiogun geure buruari “badezpada” horrek zer gordetzen duen.

TOLESTAKETA BERTIKALA

Beste ekarpen garrantzitsua TOLESTAKE BERTIKALArena da. Oraintxe konturatu naiz honen inguruan ez dudala idatzi blog-ean.. Badut beste batetarako gaia. Nola esan bada hitz gutxitan zer den hau? Arropa tolesteko beste modu bat litzake, guk orainartean erabili ez duguna eta onura asko dakartzana: espazioa hobe aprobetxatzen da, arropa errazago bilatzen da, ordena mantentzea errazagoa izan daiteke (kasu bakoitzera egokitu beharko litzake halere hau horrela izan dadin)..

GAUZA BAKOITZA BERE LEKUAN

Eta azkenik baina ezin ahaztu ondorengo beste lema hau, “LEKU BAT GAUZA BAKOITZARENTZAKO ETA GAUZA BAKOITZA BERE LEKUAN”. Antolatzaile eta ordena baloratzen duen edozein pertsonaren premisa litzakeena. Zer esan nahi du honek? Gure espazioetan (etxe, bulego, denda, lan eremu..) dugun elementu bakoitzak bere lekua eduki behar duela. Argi dago esaldi honek beste blog-eko sarrera bat behar duela.. Galdera bat egingo dizuet honen inguruan? Zergaitik daude ia etxe gehienetan “kaxoi desastreak”? Gogoratu, gauza bakoitzak bere lekua eduki behar du 😉

 

Eta honaino gaurko tartea. Espero dut sarrera hau irakurtzen nik adina gozatu izana, niretzako plazera baita Marie Kondoren metodoa zuei gerturatzea. Hurrengo asteetan metodoaren alde ez hain positiboetaz hitzegingo dugu, dena ez baita perfektua (ezta beharrik ere, ezta?)

Bien bitartean: Txukun Bizi, Ondo Bizi!

Maitane

Gure etxeetako BEROGAILUAK

Azaroa iritsi da eta hotza hilabete berriarekin bat. Iparraldeko etxe gehienek jarri ditugu BEROGAILUAK MARTXAN, eta hauek piztutzearekin batera, hilabete bukaeran etorriko zaigun FAKTURAN hasi gara pentsatzen.

Badira urte batzu jada, gai hau modan dagoela, tamalez etxe asko baitaute berogailua ezin jarri edota oso kontuz ibili behar dutenak hilabete bukaerako faktura ordaindu ahal izateko.

Prezioaren jeitsieraren inguruan ezin dugu ezer egin, baina bai berriz, erabilpenaren inguruan, eta herenegun izan zenez energia aurreztearen eguna, gaurkoan honen inguruko sarrera bat idaztea pentsatu dut. Diru gutxiago ordaintzeaz gain (eta hilabete bukaerako ustekabe portzentaia gutxitu), hain beharrezkoa den gastu energetikoa ere gutxituko dugu aholku hauek jarraituz gero.

Pentsatzen genuena egia ote?

Horrelaxe, entzuten duzuen modura. Bizitza guztian entzun dut berogailua ez zela itzali behar, horrek ondoren energia gehiago gastatu araziko zuela eta hobe zela minimoan mantentzea. Eta hara, azken urteetan, adituek kontrakoa diote, adibide askotan behintzat.

Zure kasua, GIZARTEAREN GEHIENGOAREN antzekoa bada, hau da, goizean etxetik atera eta arratsalderarte berriz ez bueltatzearena, gomendio nagusia berogailuak itzaltzearena da,  eta etxera iritsi aurretik termostato programagarri baten laguntzaz piztutzea (ordu bete lehenago gutxi gora behera). Modu honetara, etxera iristen garenean, tenperatura atsegina edukiko dugu. Termostato programagarri bat eduki ezean, etxera iristerakoan jarri beharko ditugu berogailuak martxan, hain atsegina den tenperatura goxo hori beranduago lortuko dugularik.

ETXEAN EGOTEN BAZARA berriz, edota sartu eta atera bazabiltza, baina denbora luzez etxetik kanpo egon gabe, gomendioa tenperatura mantentzea da, etxeratzerakoan gustura sentitu zaitezen. Hau, halere, oso subjetiboa da, guztiok ez baititugu behar berdinak. Zenbaitzuk bero gehiago sentitzen dute eta beste batzuk berriz, hozberagoak dira. Batzuk ez dira etxean dauden tartean geldirik egoten (etxekolan eta bestelakoak egiten), eta beste batzuk nahita ez geldirik egon behar dute ikasten edo lanean exerita daudelako.

Halere, azaletik aurkeztu dizuet gaia, gerora gauza asko hartu beharko bailirateke kontutan: leihoen kalitatea, pareten isolamentua, etab.

Kontutan hartu beharrekoak

Kontutan hartu beharreko beste zenbait gauzen artean, hona hemen nire ustetan garrantzitsuenak:

  • Berogailuak urtean behin PURGATZEA garrantzitsua da (lehendabizikoz jarri aurretik), edota gutxienez, berogailua modu homogeneoan berotzen dela bermatu. Zatiren bat hotzagoa geratuko balitz, purgatzea nahitaezkoa litzake
  • Berogailuak ESTALTZEA ez da batere gomendagarria
  • Kanpokaldean ILUNTZEN hasten denean, pertsianak jeistea oso gomendagaria da, barruko berotasuna mantendu dadin
  • EGUNEAN zehar etxeko tenperatura 20 gradutik ez igotzea gomendatzen da, eta gauean berriz, 15 eta 17 gradu artean mantentzea (nik altuxeago mantenduko nuke ume txikiak baleude). Jakin, gradu bakar bat igotzeak, hilabeteko bukaerako faktura %7 bat igo dezake
  • Eguzkiaren argitasun eta BEROA erabiltze aldera, egunean zehar pertsianak igotzea oso gomendagarria da. Berotasun hau, etxea berotu eta hezetasuna ekiditeko baliogarri izango zaigu

Hotzaren kontrako dekorazioa

Bi dekorazio elementuk lagun gaitzakete hotzaren aurka gure etxeetan: errezelak edo kortinak eta alfonbrak.

  • KORTINA mardulek hotza gure etxeetatik urrun mantentzen lagunduko digute, leihoetatik ahal den gertuen behintzat bai. Beraz, gaua iritsi bezain pronto, pertsianak jeistearekin batera, kortinak zabaltzea da kontua. Nahi izanez gero, kortina fin eta mardulak bateratu ditzakegu, egunean zehar finak zabalduko ditugu soilik, eguzkia barnera sartzen utziko dutelarik. Bitartean, kortina mardulak leihoen alboetan jasoko ditugu, etxeari izugarrizko goxotasuna emango diotelarik (mardultasunagatik izango ote)
  • ALFONBRA mardulek, bereziki artilezkoa badira, lurzorutik gure etxeetara iristen den hotz horren aurka lagunduko gaituzte (lur radiante deitzen den hori izanez gero, ez dago beharrik) eta kortina mardulen antzera, hainbeste eskertzen den goxotasun sentsazioa emango digute negu garai honetan

 

Ideia eta aholku hauetaz gain, besterik edukiko bazenute, gehitu mesedez, asko eskertzen baitira gai honen inguruko ekarpenak. Eta ez ahaztu zuen etxeak egunero aireztatzeaz, nahiz eta kanpokaldean izugarrizko hotza egin.

Plazer bat,

Maitane

 

Zergatik da garrantzitsua AIREZTAPENA?

Aspaldian blog-ean idatzi gabe, eta gaurkoan niretzat oso garrantzitsua den gai batekin natorkizue denboraldi berriari hasiera emateko: AIREZTAPENA. Ni ezagutzen nauenak, badaki etxeko eta bulegoko leihoak irekiak izaten ditudala orokorrean, txikitatik oso barneratua dudan ohitura baita. Nire gurasoen eta aiton-amonen etxean betidanik ikusi izan ditut leihoak parez-pare irekiak. Egia da, negu partean irekiera tartea murriztu egiten dudala, baina beti irekitzen ditut leihoak (nahiz eta kanpoan elurretan egon).  Gainera gu etxe txiki batean bizi gara eta txakurra dugu, beraz leihoen irekiera nahitaezkoa da.

Zergatik da garrantzitsua aireztapena?

Edozein espazio itxi egunero aireztatzen dugunean (etxe, bulego, denda..), eta bereziki aireztapen gurutzatua sortzen badugu (korrontea), gauza ezberdinak lortuko ditugu:

  • Aire garbiagoa arnastu: hobe sentitzeaz gain, hobe lan egingo dugu.
  • Paretetako hezetasuna saihestu.
  • Usain txarra ekidin..

Pertsonak hobe sentitzen gara espazio aireztatuetan, baina kontutan eduki behar dugu, ez dela berdina aireztapen naturala duen espazioa edota aireztapen klimatizatuarekin aireztatutakoa. Beraz, ahal dugun neurrian, beti saiatuko gara aireztapen naturala lehenesten.

Zein ondorio dakartza aireztapen faltak gure osasunerako?

Aireztapen faltak arazo ugari sor ditzake gure osasunean, estresa eta arnas aparatuko gaixotasun ezberdinak, besteak beste.

Ameriketako Estatu Batuetako Ingurumenaren Zaintzarako Agentziaren hitzetan, etxe eta bulegoen barrukaldean sor daitekeen kutsadura, kanpokaldekoa baina 100 aldiz handiagoa izan daiteke (erabiltzen diren garbiketa produktu, eraikinerako material mota, etb. kontutan izanik), eta espazio itxietan gure denboraren %80 pasatzen dugula kontutan izanik (bataz-beste), aireztapenaren garrantzia azpimarragarria litzake.

Etxe eta lantegi barruan ez erretzeak, garbiketako produktu egokien aukeraketa eta hauen erabilera egokiak ere eragin handia izango du arnasten dugun airean. Guztia da garrantzitsua.

Noiz da aireztatzeko momenturik egokiena?

Goizean goiz aireztatzea da egokiena. Batetik, edozein espazio gau osoan itxita egon ondoren, barnekaldean sortzen den CO2 kopurua oso handia delako (bereziki etxeetako logeletan), eta bestetik, kanpokaldeko kontaminazio nibela baxuagoa delako goizeko lehen orduetan. Hau da, ez da berdina goizean edota eguerdi aldera aireztatzea, kontaminazioaren nibela eguerdirako igo egiten baita.

Hasieran esan bezala, korrontea edota aireztapen gurutzatua sortzea ez da nahitaezkoa baina bai garrantzitsua. Honek, bertako airea azkarrago berritzen lagunduko digu eta gastu energetikoa murrizten (bereziki negu partean). Korrontea sortuz gero, 15-20 minutu irekitzearekin nahiko izaten da. Korronterik ez bada, 30 bat minutu irekitzea da gomendagarriena.

Eta gomendio txiki bat. Zuen ohearen maindireak atzera bota leihoak irekiak dauden bitartean eta ondoren ohea egin. Gauean, oheratzen zeratenean, asko eskertuko duzuela segurtatzen dizuet.

 

Maitane

LOOK GIDA. Nola egin eta zertarako?

Bildu beharrekoa ondo bildua eta armairuan denboraldiko arropa behin txukun-txukun duzunean, LOOK GIDA egitea gomendatzen dizuet. Askok gauza superfizial bat dela pentsatu dezaketen arren, gida honek modu ezberdinetara lagun zaitzakela segurtatzen dizuet eta.

 

Look Gidaren onurak

Hementxe gida honekin lortuko dituzuen zenbait onura:

  • Egunero azkar jazten lagunduko zaitu alde batetik, aldez aurretik pentsatu baituzu hain ondo senti arazten zaituen konbinazio perfektu horretan
  • Konbinazio lanetan ibiltzea gustoko ez baduzu, behin pentsatu eta lana egina duzu denbora luzerako (hurrengo denboraldirarte behintzat..)
  • Look berriak bilatzea gustoko baduzu berriz, gida honek, prozesuan asmatuko dituzun look horiek gordetzen lagunduko dizu
  • Zure armairuan benetan zer duzun eta zenbat konbinazio egin ditzakezun konturatuko zara, eta honek beharrezkoa duzuna bakarrik erosten lagunduko zaitu (ez du esan nahi besterik erosiko ez duzunik..)

Ikusten duzuen moduan, pertsona ezberdinei laguntzen dien tresna da hau. Eta seguru nago, gizon batek baino gehiagok eskertuko lukeela (eta emakume batek baino gehiagok ere)

Nola egin

Look Gida egitea erraza da benetan. Alde batetik, ispilu bat behar dugu eta hau armairutik ahal den gertuen jartzea hobe, behin eta berriro begiratu beharko diogu eta gure buruari. Bestetik, guretzako hartuko dugun denbora tartetxoa.

Behin hori dugula.. Hasi jolasten! Jantzi arropa ezberdinak eta gehitu gogoko dituzun zapata eta osagarriak. Benetan gustoko duzun look-arekin ikusten zarenean, atera iezaiozu argazki bat zeure buruari (selfi-a edota ispiluaren islari). Modu horretara, oso oso gustoko ditugun look ezberdinen argazki sorta bat edukiko dugu bukaeran.

Nola erabili gida hau

Argazki sorta modu ezberdinetara erabili dezakezu: argazkiak INPRIMATU eta armairuaren atean itsatsi adibidez, edota agian nahiago duzue MUGIKORREKO IRUDIETAN eskura izan… Aukera ezberdinak daude.

Agian errazagoa zaizu armairua asteko egunen arabera antolatua edukitzea eta egun bakoitzerako look bat zehaztua izatea. Horrela bada, arropa BEREIZLEAK erabiltzea gomendatzen dizuet. Kasu honetan, neurriak bereizteko erabili beharrean, eguneko asteak bereizteko erabiliko genituzke.

separadores-para-dividir-los-looks

Argazkian umeen neurriak bereizteko erabili dituzte (Argazkia: senalka.com) Erosi edota zuk zerorrek egin ditzakezu, sarean ehundaka tutorial aurkituko dituzu eta

 

Eta orain Udaraz gozatzea besterik ez dugu behar.

Ondo izan!

Maitane

ARMAIRU ALDAKETA nola egin (II)

Aurrekoan bukatu genuen lekuan hartuko dut gaia (lehengo asteko sarrera irakurtzea gomendatzen dizuet, guztia argiago ulertuko baituzue) Eta ez dut gehiegi luzatu nahi gaurkoan, baina esan beharra dut: Eguraldia aldatzen ari da! A ze bizipoza, nahiz eta gaur ere euria ari duen Gipuzkoan.

Eta orain gurera. Non geratu ginen? Armairu hutsik eta guztiz garbia dugu,  leihoak parez pare irekiak guztia ondo aireztatu dadin. Aurreko denboraldiko arropa ohe gainean kategoriaka eta jasotzeko prest dugu (guztia ondo garbitua). Beraz, aurretik jasoa genuen hori ateratzeko garaia iritsi da.

AURREKO DENBORALDIKOA

Aurretik jaso genuen hori aterako dugu, hau da, aurreko udarako arropa esango genuke. Eta honako galdera hauei erantzun behar diegu: Garbia gorde genuen? Kategoriaka dago banatua? Guztia dago erabilgarria? Hau da, ba al dago konpondu behar den zerbait? Jasotako guztia erabiliko duzu aurtengoan? Hau da, bazterketa filtroa pasa zuen?

Kasu konplexuenean jarriko gara oraingoan ere eta guzti horri ezezko batekin erantzun diogula pentsatuko dugu.

Zer egin orduan? Lehenengo BAZTERKETAren txanda dator. Ondoren, zurekin geratzen denaren azterketa egin behar, ea guztia ondo dagoen edo KONPONDU beharra dagoen jakiteko. Eta gerora, GARBITU behar den edo ez erabaki behar. Azken honen inguruan kontuan izan, non eta nola bildu den arabera, beharra handiagoa izango dela, baina zuen nahien araberakoa litzake. Halere, nik behin eta berriz errepikatuko dizuet, armairu barruan dagoena,  jazteko prest eta txukun egon beharko litzakeela beti. Segurtatzen dizuet korrika zoazten goizen batean nitaz gogoratuko zaretela hau eginez gero.

ARMAIRUAREN EGOKITZEA

Aurreko pausuak eman ondoren, armairuan nola egokitu pentsatu behar dugu eta horretarako, hona hemen lagungarri izango zaizkizuen zenbait lotura kategorien banaketa eta armairuen barne diseinuaren ingurukoak. Eta nahi izanez gero, pertxek duten garrantzia ikusita, hementxe pertxen ingurukoa ere. Hauek irakurri ostean, errazago izano zaizuelakoana nago zuen armairuaren egokitzapen prozesua.

Eta azkeneko detailetxoa baina oso garrantzitsua, USAINA da. Badakigu arropa garbiak armairu garbitu berrian ederki usaintzen duela baina izpiliku edota xaboi naturalen (gaztelerazko loturak dira) bat jarriz gero armairuan zintzilik edota apaletan, oraindik eta hobekiago usaituko du. Gainera jakin, izpilikuak jantzi-sitsarekin lagunduko gaituela, beraz algodoizko poltsatsoetan jarri dezakezue zuen armairu eta kajoietan. Eta ez ahaztu denboraldiz kanpoko arroparen artean (zorroetan zintzilik edota kaxetan) jartzea ere.

BILDU BEHARREKOA

Denboraldiz kanpo dagoen hori jasotzea oso erreza egingo zaigu orain, dagoeneko kategoriaka banatua baitugu ohe gainean. Eta hementxe kontutan hartu beharreko zenbait gauza.

Non bildu

Ohikoena da ARMAIRUAREN GOIKALDEAn dagoen espazioa erabiltzea gauzak biltegiratzeko, baina ohe azpiak edo bestelakoak ere erabilgarriak dira. Espazio faltagatik trasteleku edo garaje batean sartu beharko bazenituzte, kontutan eduki hezetasunik gabeko eremua beharko lukeela izan. Eta nahita ez, hezetasuna dagoen lekuren batean sartu beharko bazenituzte, plastikozko kaxa itxietan beti.

Zintzilikatua

Pixuaren arabera erabaki zein PERTXA MOTA erabili. Gogoratu, orduan eta pisutsuagoa, orduan eta pertxa sendo eta zabalagoa aukeratu behar dugula pisua ondo eraman dezan, eta jantziak tentsio gehiegi jasan ez dezan. Algodoizko zorro batean sartzea ere gomendatzen dizuet, hauek erosi edota zuek egin ditzakezuelarik zahartzen joan diren maindireekin. Ez da nahitaezkoa kremailera eta plastikozko leihotxoa edukitzea, baina kontutan hartu beharrekoa zera litzake: batetik, guztiz itxia izan behar duela hautsa sartu ez dadin eta bestetik, plastikozko leihotxorik ez baleuka, etiketatxo bat zintzilik jarri beharko diozuela barruan zer dagoen jakin dezazuen.

Tolestua

Aukeran TOLESTAKETA BERTIKALA erabili, modu horretara espazioa hobe aprobetxatuko duzuelako. KAXEN aukeraketari dagokionez, daukazuten espazioaren arabera aukeratu behar, baina halere beste bi kontu: taparekin nahita ez, hautsa ekiditeko eta ahal den neurrian kartoizkorik ez, zenbait eltxok oso gustoko baitituzte (“pececillo de plata” izenekoak oso gustoko du zelulosa adibidez).

Neri algodoizkoak funda laukituak oso interesagarriak iruditzen zaizkit jaso beharreko arroparentzat, baina kontziente naiz ezin direla bata bestearen gainean pilatu eta plastikozkoak berriz, pilaketa onartzen dutenez, askoz erabilgarriagoak bihurtzen direla. Dena den, beti egon behar dute kategoriaka banatuak eta oso ondo etortzen da kanpokaldean etiketatxoa jartzea, barruan zer dagoen beti jakin dezagun.

 

Eta lixto! Zuen armairua txukun-txukun, denboraldiz kanpokoa ondo gordea, armairua bide-lagun denboraldi berriari hasiera ona emateko eta guztiok pozik. Halere, betiko moduan, edozein galdera edo zalantza baduzue, lasai galdetu.

Maitane