Gehienetan antolaketa eta ordenaren inguruan idatziko badut ere, batzuetan etxean eduki ditzakegun eta ingurugiroarentzat kaltegarriak diren zenbait ohituretaz hitzegingo dizuet.
Ezagutzen nauenak, badaki ingurugiroaren zaintzari ematen diodan garrantzia, eta ezagutzen ez banauzu, segituan konturatuko zera horretaz.. Gaurkorako beste gai bat nuen prestatua, ahal dudan neurrian gaiak bata bestearekin lotuak egon daitezen gustoko baitet, baina gaur goizean irakurritako berriaren ostean, honi buruz hitzegitea nahitaezkoa dela iruditu zait. Gure etxeetan duela urte asko erabiltzen hasi ginen zapi bustietaz hitzegiten ari naiz, bereziki komunean erabiltzen direnak. Ondorengo loturan duzue informazio guztia (hasierako argazkia J.A. Rierarena da, Diario de Ibiza 2017/11/23).
Orain artean berri asko entzun ditut zapi hauek sor zitzaketen arazoen inguruan: hoditeri eta ur-tutuetan sortutako zapi busti pilaketak, araztegien gelditzea edota arazo hau konpontzeko inbertitzen den diru kopurua. Baina nahiz eta gai honen inguruan kontzientziatua egon, bat ez da guztiz ohartzen zapi hauek ekar dezaketen arazoaz oso bistara eduki bitartean. Eta Ibizako kostaldea zapi bustiez josita ikustea gogorra egin zait.
Zenbait produktuk biodegradarriak diren etiketa daramate, baina askotan ez da guztiz egia. Komunetik behera botatzen ditugunean, esaten diguten hortan konfidatzen dugulako, kalte haundia sortzen dugu (beti zakarretara eta aukeran hobe errefusara). Biodegradarriak ez diren produktuak ez dira komunera bota behar, hala nola: umeentzako erabiltzen diren zapi bustiak (poltsan oso argi jartzen du). Eta dudaren bat egongo balitz, belarriak garbitzeko bastoitxoak, preserbatiboak.. inoiz komunetik behera. Komuneko papera da aukerarik egokiena zentzu guztietan, urarekin kontaktuan deskonposatzen baita (hau ere neurrian erabili behar).
(Justin Hofman-en argazkia. Argazki hau Londreseko Natura Historiaren Museoak antolatutako Natura Argazkirik Hoberenaren lehiaketako finalista da)
Ingurugiroan sortzen dituen arazoez gain, egiaztatua dago zapi hauen erabilerak gure osasunean eduki ditzakeen ondorioak ez direla oso onuragarriak. Hasiera batean sor dezaketen sentsazioa onuragarria bada ere, maiztasunez erabiltzean, gure azalak berez duen olioa kentzen dute eta horrek azalaren deshidratazioa ekar dezake.
Zapi hauen erabilerak sortzen dituen ondorioak ikusteak, kontzienteago izaten lagundu behar digu. Irudi hauek ikusi ondoren, gure etxeko komunetan erabiltzen ditugun produktuen inguruan guztiok gehiago pentsatuko dugula espero dut.
Plazerra,
Maitane