Gure etxeetako BEROGAILUAK

como-utilizar-bien-la calefacción-en-nuestros-hogares

Azaroa iritsi da eta hotza hilabete berriarekin bat. Iparraldeko etxe gehienek jarri ditugu BEROGAILUAK MARTXAN, eta hauek piztutzearekin batera, hilabete bukaeran etorriko zaigun FAKTURAN hasi gara pentsatzen.

Badira urte batzu jada, gai hau modan dagoela, tamalez etxe asko baitaute berogailua ezin jarri edota oso kontuz ibili behar dutenak hilabete bukaerako faktura ordaindu ahal izateko.

Prezioaren jeitsieraren inguruan ezin dugu ezer egin, baina bai berriz, erabilpenaren inguruan, eta herenegun izan zenez energia aurreztearen eguna, gaurkoan honen inguruko sarrera bat idaztea pentsatu dut. Diru gutxiago ordaintzeaz gain (eta hilabete bukaerako ustekabe portzentaia gutxitu), hain beharrezkoa den gastu energetikoa ere gutxituko dugu aholku hauek jarraituz gero.

Pentsatzen genuena egia ote?

Horrelaxe, entzuten duzuen modura. Bizitza guztian entzun dut berogailua ez zela itzali behar, horrek ondoren energia gehiago gastatu araziko zuela eta hobe zela minimoan mantentzea. Eta hara, azken urteetan, adituek kontrakoa diote, adibide askotan behintzat.

Zure kasua, GIZARTEAREN GEHIENGOAREN antzekoa bada, hau da, goizean etxetik atera eta arratsalderarte berriz ez bueltatzearena, gomendio nagusia berogailuak itzaltzearena da,  eta etxera iritsi aurretik termostato programagarri baten laguntzaz piztutzea (ordu bete lehenago gutxi gora behera). Modu honetara, etxera iristen garenean, tenperatura atsegina edukiko dugu. Termostato programagarri bat eduki ezean, etxera iristerakoan jarri beharko ditugu berogailuak martxan, hain atsegina den tenperatura goxo hori beranduago lortuko dugularik.

ETXEAN EGOTEN BAZARA berriz, edota sartu eta atera bazabiltza, baina denbora luzez etxetik kanpo egon gabe, gomendioa tenperatura mantentzea da, etxeratzerakoan gustura sentitu zaitezen. Hau, halere, oso subjetiboa da, guztiok ez baititugu behar berdinak. Zenbaitzuk bero gehiago sentitzen dute eta beste batzuk berriz, hozberagoak dira. Batzuk ez dira etxean dauden tartean geldirik egoten (etxekolan eta bestelakoak egiten), eta beste batzuk nahita ez geldirik egon behar dute ikasten edo lanean exerita daudelako.

Halere, azaletik aurkeztu dizuet gaia, gerora gauza asko hartu beharko bailirateke kontutan: leihoen kalitatea, pareten isolamentua, etab.

Kontutan hartu beharrekoak

Kontutan hartu beharreko beste zenbait gauzen artean, hona hemen nire ustetan garrantzitsuenak:

  • Berogailuak urtean behin PURGATZEA garrantzitsua da (lehendabizikoz jarri aurretik), edota gutxienez, berogailua modu homogeneoan berotzen dela bermatu. Zatiren bat hotzagoa geratuko balitz, purgatzea nahitaezkoa litzake
  • Berogailuak ESTALTZEA ez da batere gomendagarria
  • Kanpokaldean ILUNTZEN hasten denean, pertsianak jeistea oso gomendagaria da, barruko berotasuna mantendu dadin
  • EGUNEAN zehar etxeko tenperatura 20 gradutik ez igotzea gomendatzen da, eta gauean berriz, 15 eta 17 gradu artean mantentzea (nik altuxeago mantenduko nuke ume txikiak baleude). Jakin, gradu bakar bat igotzeak, hilabeteko bukaerako faktura %7 bat igo dezake
  • Eguzkiaren argitasun eta BEROA erabiltze aldera, egunean zehar pertsianak igotzea oso gomendagarria da. Berotasun hau, etxea berotu eta hezetasuna ekiditeko baliogarri izango zaigu

Hotzaren kontrako dekorazioa

Bi dekorazio elementuk lagun gaitzakete hotzaren aurka gure etxeetan: errezelak edo kortinak eta alfonbrak.

  • KORTINA mardulek hotza gure etxeetatik urrun mantentzen lagunduko digute, leihoetatik ahal den gertuen behintzat bai. Beraz, gaua iritsi bezain pronto, pertsianak jeistearekin batera, kortinak zabaltzea da kontua. Nahi izanez gero, kortina fin eta mardulak bateratu ditzakegu, egunean zehar finak zabalduko ditugu soilik, eguzkia barnera sartzen utziko dutelarik. Bitartean, kortina mardulak leihoen alboetan jasoko ditugu, etxeari izugarrizko goxotasuna emango diotelarik (mardultasunagatik izango ote)
  • ALFONBRA mardulek, bereziki artilezkoa badira, lurzorutik gure etxeetara iristen den hotz horren aurka lagunduko gaituzte (lur radiante deitzen den hori izanez gero, ez dago beharrik) eta kortina mardulen antzera, hainbeste eskertzen den goxotasun sentsazioa emango digute negu garai honetan

 

Ideia eta aholku hauetaz gain, besterik edukiko bazenute, gehitu mesedez, asko eskertzen baitira gai honen inguruko ekarpenak. Eta ez ahaztu zuen etxeak egunero aireztatzeaz, nahiz eta kanpokaldean izugarrizko hotza egin.

Plazer bat,

Maitane