Marie Kondo eta Ni Zergaitik bere Jarraitzaile

2019a NETFLIX-ek Marie Kondorekin hasi du urtea. Nik Marie Kondorekin hasi dut urtea. Prentsa zoratu da Marie Kondorekin eta berarekin hasi dute urtea. Zer du ba Marie Kondok?!

Nik KonMari metodoa Marie Kondoren liburuak irakurrita ezagutu nuen duela pare bat urte, antolatzaile munduan sartu eta jende guztiak irakurri zuela ikusi nuenean. Guzti honetaz gehiegi entzun ez duenarentzat: Marie Kondo ordenaren guru bilakatu da mundu mailan eta berak sortu duen metodoari KonMari izena jarri dio, metodo honen bitartez jendeak ordenean bizitzen ikasten duelarik (hori dio behintzat). Esan beharra dut, ezaguna egin zitzaidala hasieratik bere historia.

Nik ere, Marie Kondoren antzera, txikitatik eduki dut ordenaren behar edo interes hori oso barneratua, gurasoak horrelakoak dira eta beraiengandik ikasi dudan balio garrantzitsuetako bat da. Nik ere txukunketarena momentu batzuetan haratago eraman dut. Oso haratago zenbaitzutan eta garai haietatik ere ikasketa handiak gogoratzen ditut (baita nire intolerantzia puntutxoa zenbait kasutan) Adinarekin, nire semeen jaiotzarekin bat eta bereziki nire bikotearen laguntzaz, nire txukunketa arrankea kontrolatzen ikasi dut.

Aurrekoan irratian izan nintzen KONMARI metodoaz hitzegiten eta metodoaren onurez galdetu zidatenean motz geratu nintzen (onartu beharra dut).  Gaurkoan eta irratiko hutsune hori konpontzeko intentzioz eta metodoak duen balioa azpimarratze aldera, METODOAREN ALDE POSITIBOETAZ hitzegin nahi dizuet, hurrengo batean negatiboetaz edota ez hain positiboetaz hitzegingo dugularik.

 

ULERTERRAZA ETA OSO ZENTZUZKOA

Esan beharra dago ULERTERRAZA dela eta OSO ZENTZUZKOA, eta minimalismoaren arauak edo markoa jarraituz osaturiko metodo edo estrategia izanik, lortuko duguna oso ONURAGARRIA izan daitekeela edonorentzat: kontsumoarekiko dugun erlazioa hausnartu, gure bizitzan momentu bakoitzean garrantzitsua zer den pentsatu, gauza gutxiagorekin bizitzen ikasi, etxeari duen balioa berriz ere eman, lasaitasuna eta orekaren garrantzia, etab luzea.

ERABAKITZE PROZESUEN LANKETA

Goazen hala ere zehatzagoetara. Niretzako metodoaren garrantzizkoena ERABAKITZE PROZESUEN lanketan dago. Hau da, hasieratik “behartzen” zaitu erabakitze lanketa bat egitera. Eta zergatik da ba hau hain garrantzitsua? Ezagutzen al duzue maiz erabiltzen den esaldi hau?: “Zer hartzen duzu pozik bizitzeko? Erabakiak”

Oso xinplea badirudi ere, erabakiak hartzea asko kostatzen zaigu orokorrean. Metodo honek nolabaiteko soinketa mentala egitera eramaten zaitu eta erabakitze prozesuak mekanikoki burutzera. Modu horretara, azken fasera iristen zarenerako (objetu sentimentalak, atxikimendu gehien sortzen dutenak) baduzu estrategia pertsonala ia edozein egoerari aurre egiteko. Prozesuaren bukaeran, erabakitzea eta zure bizitzako egoera ezberdinak hausnartzeko tendentzia barneratu duzu. Beste hitzetan esanda, bizitzan zer nahi duzun hausnartzera gonbidatzen zaituen metodoa da.

KonMari metodoa pertsona askok bakarka egiten dute beraien etxeetan, batzuei nahiko erraza egiten zaielarik eta beste batzuei ia ia ezinezkoa (erabakitze prozesuetan dugun mailaren arabera seguruenik besteak beste). Nik antolatzaile profesional bezala, pertsonei egoera honi aurre egiten laguntzen diet, ia ia ezinezkoa egiten zaien horiei, eta oso neketsua izan ohi den egoera dela segurtatu dezaket, fisiko eta psikologikoki: antsietatea, negarra, larritasuna, buru eta bizkarreko mina.. Baina esfortzu guztiek pena merezi dutelako, bidaiaren amaierarako guztia arindu egiten da eta beraien buruarengan duten konfidantza handitu egiten da, oso ondo sentitzen direlarik. Eta noski, berriz ere egoera berdinera bueltatu nahi ez dutenez (berdinetik pasa alegia), ikasketa barneratu eta eguneroan erabiltzen hasten dira.

Eta zergaitik hasten da ARROPArekin? Beti ere zure arroparekiko atxikimendua gehiegizkoa ez bada. Hau da, diseinatzailea bazara, zure diseinuekiko edukiko duzun lotura handiegia izango da bertatik hasteko, baina gehiengoak ez dugu arroparekiko horrelako atxikimendua. Hortxe arrazoietako bat, atxikimendu eza. Bestetik, eta hau nire ikuspegia da, bakoitzaren armairua momentu horretan duzun egoera emozionalaren isla denez eta egunero bertara joan behar duzunez (jazteko modu ohikoena baita), orduan eta isla positiboagoa, orduan eta hobe sentituko zera. Nolabait ere, armairu txukuna, egoera mental txukuna (edo txukunagora bideratzeko aukera). Beraz, bi gauza lortuko genituzke arropatik hasita: pertsona hobe sentiaraztea eta erabakitze prozesu lanketa arintzea. Eta bai, funtzionatzen du, saiakera egitea besterik ez da.

KATEGORIAKA ORDENATZEA

Metodo honek erakutsi zidan gauzetako bat, ikuspegi berri bat, Marie Kondo bera iritsi zen konklusioa izan zen: ESPAZIOKA ordenatu beharrean KATEGORIAKA ordenatzea. Guk logela bat txukundu nahi badugu, ohikoena izaten da bertan dauden gauzak ordenatzea, momentu horretan bertan ez dauden baina egon beharko luketen gauzak kontutan eduki gabe. Adibidea: nire armairua txukuntzen jartzen naiz eta ez dut kontutan hartzen nire arroparen %25a garbitzeko dagoela eta beste % bat plantxan edota bestelako baten zain. Horrela ezin ondo erabaki eta ondorioz ezin egin sakoneko ordena, edota luzera ondo egokituko zaidan antolaketa sistema. Tontakeria bat badirudi ere, ordena oso gustoko ez dutenentzat oso eraginkorra den irizpidea da eta ordenatuentzat ere oso erabilgarria. Nik irakurri nuenean, ez nuen ulertzen nola ez nintzen iritxi lehenago konklusio horretara. Hain da zentzuzkoa!

BAZTERKETAREN GARRANTZIA

Oso gustoko dudan beste puntua eta minimalismoarekin lotura handia duena BAZTERKETAren garrantzia da. Edota beste hitzetan esanda, gure espazioetan dugun guzti hori nahitaezkoa den hausnartzea. Hau da “GUTXIAGO GEHIAGO DA” lema.

“Gutxiago gehiago da”

Marie Kondok zoriontsu egiten zaituena eduki behar duzula dio. Nik horri beti gehituko diot, zoriontsu eta zure egunerorako beharrezkoa duzuna. Baina bai, zoriontasunarena “erosten” diot, benetan zure inguruan eduki nahi duzuna aztertzeko den bitartean. Eta nola jakin zerk egiten zaituen zoriontsu? Zoriontasun sentimenduarena oso abstraktua irudituz gero, hona aholkutxoa: oso oso gustoko duzun zerbaitetan pentsatu ea zer sentitzen duzun eta ondoren behatu zure inguruan duzun guztiak sentimendu berdina sortzen dizun. Badakit askorentzat zoro xamarra dela, horregatik beste hainbat estrategia erabiltzen ditut nik bezeroekin. Baina estrategia guztiak “zoriontasun bilaketa” horretara doazela esan beharra dut.

Aurrera jarraitu aurretik, BEHARREZKOAK diren horietaz hitzegin nahiko nuke labur. Beharrezkoa oso subjetiboa baita eta bidean galtzeko aukera handia baitago irizpide argirik ez badugu. Oso ohikoa da “badezpada” hitza azaltzea bezeroekin ditudan hizketaldietan eta nik beti galdera berdina egiten diet: Badaezpada ere zer? Argudioak eskatu eta eskeintzen dizkiet. Bai, pisutsua izan naiteke, baina ondoren asko eskertzen didatenez, estrategia bedinarekin jarraitzeko intentzioa dut. Beraz, galdetu diezaiogun geure buruari “badezpada” horrek zer gordetzen duen.

TOLESTAKETA BERTIKALA

Beste ekarpen garrantzitsua TOLESTAKE BERTIKALArena da. Oraintxe konturatu naiz honen inguruan ez dudala idatzi blog-ean.. Badut beste batetarako gaia. Nola esan bada hitz gutxitan zer den hau? Arropa tolesteko beste modu bat litzake, guk orainartean erabili ez duguna eta onura asko dakartzana: espazioa hobe aprobetxatzen da, arropa errazago bilatzen da, ordena mantentzea errazagoa izan daiteke (kasu bakoitzera egokitu beharko litzake halere hau horrela izan dadin)..

GAUZA BAKOITZA BERE LEKUAN

Eta azkenik baina ezin ahaztu ondorengo beste lema hau, “LEKU BAT GAUZA BAKOITZARENTZAKO ETA GAUZA BAKOITZA BERE LEKUAN”. Antolatzaile eta ordena baloratzen duen edozein pertsonaren premisa litzakeena. Zer esan nahi du honek? Gure espazioetan (etxe, bulego, denda, lan eremu..) dugun elementu bakoitzak bere lekua eduki behar duela. Argi dago esaldi honek beste blog-eko sarrera bat behar duela.. Galdera bat egingo dizuet honen inguruan? Zergaitik daude ia etxe gehienetan “kaxoi desastreak”? Gogoratu, gauza bakoitzak bere lekua eduki behar du 😉

 

Eta honaino gaurko tartea. Espero dut sarrera hau irakurtzen nik adina gozatu izana, niretzako plazera baita Marie Kondoren metodoa zuei gerturatzea. Hurrengo asteetan metodoaren alde ez hain positiboetaz hitzegingo dugu, dena ez baita perfektua (ezta beharrik ere, ezta?)

Bien bitartean: Txukun Bizi, Ondo Bizi!

Maitane